2013/10/25

NAIZ: Euskalduntasuna eta sexufobia. Aitzol Azurtzarekin elkartasunez

Presidenteak oposizioaren jarrera txarretsi du, bart bizkartzainaren zakila xurgatzeko erabilitako aho berberaz baliatuz. Hori izan zitekeen bat.

Azurza
Aitzol Azurtza. (Gotzon Aranburu)

Edo bestea: legebiltzarkide jeltzaleak abiadura handiko trenaren premia defenditu du Gasteizen, Bilbora joan aurretik mutil-lagunak popatik eman diezaion lehenik, ondoren emaztearekin eta semetxo biekin etxean afaltzeko. Horiek biak ere albiste izan zitezkeen, biak gertatu izan direlako eta, ia seguru, gertatuko direlako berriro, guk geuk izenik sekula emango ez badugu ere. Eta ez dugu izenik emango, arestiko albisteak ez daukalako segidan dihoanarekin batere loturarik. Horregatik, eta zitala litzatekeelako gauza biak nahastea, biak egia biribila eta osoa diren arren.
Zitalkeria, horixe dario bai Correok bai Diario Vascok New York hiriko Euskal Etxean jazotakoaren ondoren Aitzol Azurtzaren gainean argitara emandako albisteari. Albistea? Horra hor gakoa… ez baitago hor albisterik. Esango digute Azurtzaren gogo sexualak aipatzea ez dela homofobia, eta haren ogibideaz hamaika sarbide aurki daitekeela sarean. Egia. Egia den bezala argazkian ageri den besteak ere seme-alaba andana egina duela, eta horiek guztiak emaztearekin larrua jotzen egin dituela, eta ez mezetan belaunikatuz. Baina kazetariak ez du halakorik aipatzen. Politika ez baita sexu jarduera heterosexualekin nahastu behar.
Homosexualitatea Azurtzaren ‘bihurrikeria’ gaitzesteko erabili du ustezko kazetariak; lehendakariari egindako ‘itxusikeria’ ordaindu arazteko, alegia. Azurtza emakume atzerritarrak etxeko lanetarako oso-oso baldintza kaskarretan kontratatzen dituen enpresako burua balitz, eredu litzateke aipatu egunkari bi horientzat, eta seguru ez luketela halakorik aipatuko Euskal Etxearen aferaren gaineko albistean. Jakina, Azurtza esplotatzaile madarikatu horietakoa izan balitz, ez litzateke albiste izango, ez behintzat Urkullu jauna muturtu arazteagatik. Azurtzak baina bere gorputzaren erabilpen autonomoa egin du sos batzuk irabazteko. Hori bai, sexuaz baliatu da inoren menpe egon barik eta inor esplotatu barik. Ezin barkatuzkoa, alegia. Eta hortan datza, hain zuzen, egunkarion homofobia eta sexufobia.
Azurtzaren gaytasuna ezaguna zen New York hiriko Euskal Etxekoak ezagutzen dituen edonorentzat. Horren ezagunak, NABOk ere –North American Basque Organizations, hori izena, hori… alajaina!– arazoak izan dituela sagartzulo hartako txokoan gay jendeak izan duen harrera eta festarako aukeragatik. Hori bai litzateke albiste, New York edo Bartzelonako Euskal Etxeetan gay jaiak egin izan direla jakin araztea, euskalduntasunak ez duelako tupust egiten gizon bik, edo emazkumezko bik, dantza egin edo larrua jotzearekin. Euskal Etxean ‘maritxuak’ bildu izan zirenean Azurtzari elkarrizketa egin eta Harriren gainekoak galdetuz gero, bapo! Baina ez, hori bost bai Correori bai Diario Vascori. Gakoa hemen ez baita ageriko egitea homosexualitatea, eta are gutxiago sexu gogo horiek euskal emakume eta gizonon artean duten xarma. Bai zera! Asmoa Azurtzaren ‘gaiztakeria’ agerian uztea zen, eta azaltzea zergatik egin zuen, egin zuena. Zergatik? Gay delako, jendaurrean popatik hartzen duen aktore pornoa gainera. Alegia, Azurtza ez da, haien iritziz, euskaldun peto-petoa eta horregatik egin dio lehendakariari egin dion itxusikeria.
Horregatik guztiagatik, EHGAMkideok gure elkartasunik zintzo eta gozoena bidali nahi diogu Aitzol Azurtzari. Correok eta Diario Vascok egin diotena lotsagarria, zitala eta zerrikeria hutsa dela uste dugu, eta horrela, hitzez hitz, argitu nahi diegu euskal herritarrei. Homofobiak eta sexufobiak hamaika aurpegi iguingarri ditu, eta hau horietako bat da.
Iñigo Bilbao, 
 Imanol Alvarez, Jose Ignacio Sanchez eta Jaime Mendia-rekin batera
EHGAM kideak

No hay comentarios:

Publicar un comentario