2013/06/15

EHGAMek Frankismoaren krimenekiko inpunitatearen aurkako manifestaziora deitzen du, ekainaren 15ean Bilbon



Azken urte hauetan, Europako hainbat herrialdeetan, eskuin muturreko indar politikoek, gorakada lazgarria izan dute. Baina hori baino kezkagarriagoa da eskuin muturreko indar horien eskuinera neonaziak diren indar politikoak agertzea. Zenbait kasutan (Grezia, Hungaria…) indar horiek gizartean sustraitu egin dira, masa mugimendu herritarrak sortuz. Mugimendu erradikalak, arrazistak, homofoboak, oso bortitzak eta pogromistak dira eta bere ageriko helburuak oso larriak: langileen erakunde sindikal, politiko eta kultural guztiak suntsitzea, herritarren erresistentzia oro zapaltzea, desberdin izateko eskubidea ukatzea eta desberdinak edota ahulenak direnak sarraskitzea (baita fisikoki ere).

Pasa den mendeko hogeigarren hamarkadan gertatu zen bezala, neofaxismoaren eta eskuin muturreko mehatxuaren jatorria krisia da. Kasu honetan kapitalismoaren krisi ekonomiko, sozial, politiko, etiko eta ekologikoa; zeina zorraren krisia aitzakiatzat hartuta, aurrekaririk gabeko erasoaldia burutzen ari den langileen eta gutxiengo sozialen eskubideak, askatasunak eta bizi mailaren kontra. Herritar xumeen kontra.

Egoera hau kontuan hartu beharrekoa da. Izan ere, ez dugu ahaztu behar, hainbat kolektiboren artean, pertsona ez heterosexualak izan zirela gogorki sarraskituak: 15000 homosexual baino gehiago egon ziren kontzentrazio eremuetan Hirugarren Reich-ean, eta milaka izan dira Espainian ere Franquismo garaian. Ideologia berbera duten alderdi politiko eta masa soziala eratzen hari da egun ere Europa osoan, eta Grezian izan dira iadanik homosexualen auzoen aurkako ehizak, zeintzuek garaiko Kristallnacht-a gogora ekartzen duten. Arazoa ez da Greziarena bakarrik ordea, indar neofaxistek Euskal Herriratzen hasiak direlako. Azken asteotan errealitate hori ikusteko parada izan dugu Iruñean izandako eraso homofobo eta margoketa faxistekin.

Hori guztiagatik, ezinbestekoa ikusten dugu Europako Sare Antifaxista bateratu bat sortzea, demokratikoa eta herrian errotua. Faxismoari aurre egingo dion mugimendu plurala.

Garaiko sarraskiak ahaztuak izan ez daitezen aldeko dinamikak abiatu behar dira disidentzia sexuala osatzen dugun kolektibo eta pertsona banakoen eskutik, etorkizunean garai ilunak errepikatu ez daitezen. Beraz, EHGAMetik gogorki salatu nahi dugu Espainiar estatuko 1977ko amnistiaren legea, Frankismoaren inpunitatea ahalbidetzen duelako. Babes osoa eskaintzen dugu Frankismoaren krimenak epaituak izan daitezen Argentinan zabaldu den aukerari, gure kide “Francis” gogoan dugularik, 1979an polizia espainolak tiroz erail zuena Oreretan. Dei egiten dugu, ekainaren 15ean, arratsaldeko 18:00etan Bilboko Eliptika plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera, “Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez. Tolerancia cero a la inpunidad del Franquismo” lemapean. Euren sexu autuagatik sarraskituak izandako pertsonak gogora ekarri nahi ditugu, eta gaur egun, berriro ere sarraskituak izateko arriskuan daudenei antolatzeko deia luzatu.

Totalitarismoak homosexualen eta emakume antisozialen kontra erabilitako hiruki arrosa eta hiruki beltza berreskuratu behar ditugu; gure kolektiboa seinalatzeko eta diskriminatzeko erabilitako hiruki horiei buelta eman, egungo errealitateari buelta emateko nahiaren seinale.

Oraingoan historia ez da errepikatuko! Ez dira pasako!
Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez!
EKAINAK 15 DENOK BILBORA!

No hay comentarios:

Publicar un comentario