2013/06/23

BERRIA: «Benetako berdintasuna» aldarri

Sexu berekoen arteko ezkontzak herri guztietan egin ahal izatea eskatu du LGTB kolektiboak Miarritzen

LGTB kolektiboak atzo Miarritzen egindako manifestazioa. / BOB EDME
Jon Rejado
Ehunka pertsona bildu zen atzo Miarritzen (Lapurdi) «benetako berdintasuna» eskatzeko. Hori izan zen, hain zuzen ere, Les Bascos elkarteak antolatutako festak izan zuen leloa. Antolatzaileek eskatu bezala, «gizarte plural bat» defendatzen dutenak bildu ziren Miarritzeko faroan eguerditik bertatik, giro onean, berdintasuna ahalbidetzen duen gizarte bat eskatzeko. Festa giroan egin zuten.

Badira urte batzuk Miarritzen Askatasun Ibilaldia egiten dutela. Aurten, ordea, berezia izan da. Frantziak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak onartu zituen, eta umeak adoptatzeko eskubidea ere aitortu zien bikote horiei. Eskuratutako eskubide horiek oso gogoan izan zituzten Miarritzera bertaratu zirenek.

Askatasun Ibilaldiaren antolatzaileek «garaipen garrantzitsutzat» jo dute lortutakoa. Baina borroka ez dela amaitu gaineratu zuten, eta «benetako berdintasuna» lortzeko hamaika ildotan lan egiten jarraitu behar dela gogorarazi zuten: homofobiaren aurkako borrokan, ahaidetasun prozeduren erreforman, transexualek sexua aldatzeko eskubidea izan dezaten...

Borroka egiteko gai horiek guztiez gain, nabarmendu zuten Frantziak onartutako araudi berria «leku guztietan» ezarri behar dela. Hain zuzen ere, ekain hasieran Jean-Michel Colo Arrangoitzeko auzapezak uko egin zion Jean-Michel Martin eta Guy Martineau-Espel ezkontzeari, eta berriki sexu bereko bikotekideak ez ezkontzeko erabakia berretsi du. «Lege hori ez da legitimoa, nire ustez. Norberak nahi duena egiten ahal du bere gorputzarekin, baina ez gurearekin», adierazi zuen Colok.

Lionel Beffre prefetak legea betetzeko agindu zion, baina legea betetzeari uko egiten jarraitu zuen. Patrick Dallennes Baionako suprefetaren arabera, hainbat aukera daude, behin Colo prefetarekin bildu ostean. Bide administratiboan aurrera eginez gero, Frantziako lehen ministroak auzapezaren funtzioak bertan behera utzi ditzake, besteak beste.

Auzitara jotzea da bigarren bidea, eta homofobiaren aurkako Idaho taldeak jakinarazi du salaketa jarriko duela Arrangoitzeko auzapezaren kontra datorren astean bertan. Bide horretan aurrera eginez gero, bost urteko kartzela zigorra eta 75.000 euroko isuna jaso dezake Colok. Kalte-ordain bat ematera ere behartu dezakete auzapeza. Bitartean, Martin eta Martineau-Espelek Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko asmoa agertu dute, auzapezaren jokabidea salatzeko.

Eguerditik, musika artean

Les Bascosek antolatutako Lesbian-Gay Pride festa 12:30ean hasi zen Miarritzeko faroan, eta ordubete geroago musika hasi zen disko jartzaileen eskutik. Ordea, eguneko une garrantzitsuena 16:00etan izan zen. Orduan hasi zuen bidea Askatasun Ibilaldiak kaleetan.

Ehunka pertsonak parte hartu zuten —1.500 pertsona inguru, antolatzaileen arabera— , eta hasitako lekuan bukatu zuten, Miarritzeko faroaren lautadan. Han, musikarekin amaitu zen 2013ko Lesbian-Gay Pride festa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario